Mercedes Pinto: "Egun, autoargitalpena idazle berrientzako aukerarik interesgarriena da”
- Xehetasunak
Mercedes Pinto Maldonadok Bilboko Alhondigan parte hartuko du datorren irailaren 20an, Fernando Aramburu idazlea eta Javier Cámara liburu saltzailearekin batera, AEE/EIEk antolatutako Jardunaldiaren baitan burutuko den “Hau da nire esperientzia” izenburupeko mahai inguruan.
Granadako idazleak eskainitako elkarrizketan, gogotik defendatzen du idazleek autoargitalpenari esker euren lanen gainean duten erabateko kontrola; berak ongi daki, izan ere Espaina, Alemania, Frantzia eta Ingalaterran salduenetako hamar izenburuen artean bi bereak izan baitira (horietako bat urte eta erdiz egon da Amazon-en Top 100ean) eta 10.000 irakurleek ordaindu baitute bere liburuak eskuratu ahal izateko. Ediciones B argitaletxearen baitan, Ebooks delakoaren B lerro digitalean, lau lan ditu argitara emanak: 'El talento de Nano' (gazteentzako eleberria), 'La última vuelta del scaife' (eleberri historikoa), 'Maldita' (50garren hamarkadan girotutako eleberri tragiko erromantikoa) eta 'Pretérito imperfecto' (eleberri tragiko erromantiko garaikidea). 'El fotógrafo de paisajes' (intrigazko kontakizuna) Planetak azken urtean sortu duen Click izeneko zigilu digitalean argitaratu du.
Fernando Aramburu: “Nire aburuz, egilea eta argitaratzailearen arteko harremanean konfiantza da ezinbesteko osagaia”
- Xehetasunak
Fernando Aramburu idazleak datorren irailaren 20an AEE/EIEk antolatutako ‘Egilea argitalpen mundu berrian’ izeneko Jardunaldian parte hartuko du. Mercedes Pinto idazlearekin eta Javier Cámara liburu saltzailearekin batera Bilboko Alhondigan goizeko 10etatik arratsaldeko 19ak bitarte burutuko den Jardunaldiaren baitan eskainiko den “Hau da nire esperientzia” izenburuko mahai inguruan arituko da. Tokia bete bitartean, sarrera libre da.
Alemanian bizi den idazle donostiarra, egun argitaratzaile “tradizionalak” deritzon horiekin lan egiten ohitua dago eta berak horiekin izandako esperientziaz ariko da. "Argitaratzaileak liburuaren egituraketa profesionala bermatzen dizu. Gainera, nahiko ongi funtzionatzen duen banaketa sistemaren baitan kokatzen du nire lana. Liburua publizitatearen eta promozio kanpainen bidez ezagutarazten du, gainontzeko herrialdeetan sartzeko bidea zabaltzen du, pirateoaren edota plagioen aurrean babesten du eta abar. Edonola ere, niretzako, nire denbora eta gogo guztia idazteari ekiteko eta idazten aritzeko baliatu dezakedala da nire lanak argitaratzaileen eskuetan jartzearen abantailarik handiena ".
Argitaratzaileekin duen harremana pertsonalari dagokionez, gakoa konfiantzan dagoela dio: “Nire aburuz, egilea eta argitaratzailearen arteko harremanean konfiantza da ezinbesteko osagaia. Nik ezin dut lan propiorik argitaratu argitaratzaile batekin baldin eta engainatuko nauenaren susmoa badut".
Pepe Verdes: “Erabiltzaileak ezartzen ari dira argitalpenaren industriaren eraldekaren martxa”
- Xehetasunak
Pepe Verdes Manuscritics konpainiako sortzaileetako bat da, bertako kide eta CEO deritzona, hots, argitaratzaileei liburuak gomendatzen dizkiena. Verdesek, Sergio Mejías (Bubok), Jesús Ortiz (Milrazones) eta Andrés Fernándezekin (Argitaratzaileen Gremioa) batera, datorren irailaren 20an Alhóndiga Bilbaon “Egilea argitalpen mundu berrian” lemapean burutuko den Jardunaldian egingo den mahai inguruetako batean hartuko du parte.
AEE/EIEri eskainitako elkarrizketan, Verdesek jaio berri den Manuscritics konpainiaren funtzionatzeko era azaldu digu: "Gure zeregin nagusia da irakurleek lagun ditzatela argitaratzaileak liburu bat argitara emateko erabakia hartzen, kontsumitzaileen iritziek produktuaren preskriptore gisa izan dezaketen indarraz baliatuz".
Oraingoz, "Manuscritics soilik profesionalei dago zabalik, hau da, autoargitaratutakoei baino, jada agente literario bat duten edota aldez aurretik argitaletxe komertzialekin argitaratu duten idazleei zuzendua dago. Edonola, ikusita autoargitalpenak agerian jartzen ari den talentua, baliteke etorkizunean ere horiei begira atalen bat zabaltzea".
Christian Damke: "Autoargitalpenaren estigma desagertzen ari da”
- Xehetasunak
Christian Damkeri dagokio Egilea Argitalpen Mundu Berrian Jardunaldiari hasiera emango dion hitzaldia burutzea. Jardunaldia, irailaren 20an egingo da Bilbon, Asociación de Escritores de Euskadi / Euskadiko Idazleen Elkarteak antolatua.
Damke Open Publishing-eko kidea da. Plataforma horrek egun egileei, argitaratzaile digitalei, agenteei eta itzultzaileei zerbitzuak eskaintzen dizkie, laguntzearen alde ekoizpenean, banaketan, komertzializazioan edota liburuen argitaratzean.
AEE/EIEk egin dion elkarrizketan, argitalpenaren industriak bizi dituen garai berrien inguruko bere ikuspegia azaldu digu. "Pantailak irakurketarako formatu berriak direla errealitate bat da jada. Epe laburrera liburu elektronikoek inprimatutako liburuak gaindituko dituzte, eta arrazoia agerikoa da: prezio baxuagoak eskaintzen dituzte, liburu sorta oparoagoa, laginketa erraza eta erosketarako erraztasun erabatekoarekin gainera ".
Damke-ren aburuz, "Argitaratzaile tradizionalak autoargitalpenaren merkatuan ari dira sartzen, autoargitalpenaren estigma desagertzen hasia delako. Gertatzen ari dena da egile hibridoa argitaratzaile tradizionalek barnera dezaketena baino askoz ere azkarrago ari dela idazten eta egun egilea bera da bere patuaren jabea".
Euskadiko Idazleen Elkarteak ‘Egilea argitalpen mundu berrian’ jardunaldia burutuko du irailaren 20an Bilbon
- Xehetasunak
Egileak eta argitalpen plataforma berrien arteko harremana hartuko da ardatz. Bilboko Alhondigako Bastida Aretoan burutuko da irailaren 20an, sarrera libre dela, 10.00etatik 19.00ak arte, eta ponentziak, mahai inguruak eta tailer praktikoak eskainiko dira.
‘Egilea argitalpen mundu berrian’ trebakuntzarako ekimen irekia da, AEE/EIEko kideei zein interesa duen beste edozein pertsonari zuzendua. Euren lanak argitaratu aurretik informazio sakonagoa jaso nahi duten pertsonei zuzendua dagoen jardunaldia da. Batera, idazmen-tailerretan dabiltzan ikasleei zein horietan irakasle direnei zuzendua dago. Orokorrean, sektorearekin harremana duten pertsona orori zabaldua da, katearen puntu ezberdinetan dabiltzanei oro bat: sormena, argitalpena, banaketa, salmenta eta liburutegiak.