Extracto del libro de Abel Amutxategi, 'Berbontzi'
- Xehetasunak
Lainoa saretu zenean, Norak bere burua zurezko itsasontzi baten txopan aurkitu zuen, txatalez jositako bela handi baten eta popako kroskoaren artean bilin-bolonka. Hain zen bela handia aurrean zuen hura, non oihalez bestaldera kubiertan gertatzen ari zena ezin baitzuen ikusi.
Kubierta gainean zeudenek egiten zuten zarata entzun baino ezin zuen egin Norak. Belarrietara heltzen zitzaizkion herrestatze eta kolpe-hotsen arabera, belaz bestaldera zeudenek lanean buru-belarri zihardutela ematen zuen, baina batek zekien zinez han zer gertatzen ari zen.
Berbontzi ere bertan zen, tokia arreta handiz miatzen eta Noraren inguruan buztanari eraginez, bere zaunkaz inguruko zalapartak estaltzen zituela.
—Nora demontre ekarri nauzu? —galdetu zuen Norak, biziki ernegaturik.
Erantzunik eman ahal ezean, Berbontzi Noraren alboan eseri eta apaltasunez jaso zituen sorbaldak.
Haizeak bela puzten zuen bakoitzean, oihal-txatalen batek amore eman eta berriro askatuko zela zirudien. Baina azkenean, kosta ahala kosta, oihalak haizearen oldar guztiei eustea lortzen zuen.
Leku ezezagun batean dagoenari pizten zaion jakin-minaz, Nora oihalaren atzetik kirik egitera joan zen, beste aldean gertatzen ari zena behingoz ikusteko.
Itsasontziaren bizkarra gizonez beterik zegoen. Eta ez ziren nolanahiko gizonak han zeudenak, ez, liburuetan agertzen zirenak bezalako pirata peto-petoak baino. Beren zuloz beteriko jantziak eta beren paperez egindako apaingarriak ikusita, munduko piratarik arrakastatsuenak ez zirela pentsa zitekeen… baina larderia handiko gizonak ziren, hala ere, Noraren begietan.
Lanean zain eta muin ari ziren denak. Honako hau kanoien zuloak garbitzen, horrako hori ontziaren gainaldea zolatzen zuten egur xaflei argizaria ematen, harako hura ababorreko krokoa babesten zuen margoari ukitu batzuk ematen.
Gehiago irakurri: Extracto del libro de Abel Amutxategi, 'Berbontzi'
Haur eta Gazte Liburuaren Egunean (Joxan Ormazabali omenaldian)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Seve Calleja
Joxan geure bihotzeko laguna!
Iazko martxoaren hamarrean, Bilbo Zaharrean elkartu garenean, honako poematxo hau ezkaini zenidan kafetegiko papertxo batean idatzirik:
Egunen batean
hiltzen ez banaiz
eta mundua gelditu
eguzkia itzalita…
zatoz eta
eraman nazazu
zure planetara bihotz-argitan.
Bai, eramango zaitut biok aspalditik ezagutzen dugun planetara, liburuenera, jakina.
Mississippitik nabigatzean Tom Sawyerrek eta Huckleberry Finnek bezala.
Gaur, apirilaren bian, Nazioarteko Haur eta Gazte liburuaren eguna ospatzen da, gure eguna nolabait. Dakizunez, urtero bezala, idazle batek gazte guztientzat bere mesua idazten du. Aurten, Estoniako Aino Pervik-en txanda izan da, eta liburuen gogoratzeko potereaz doa:
“Liburuek idatzita izan diren garaia gogora ekartzen dute” —dio egile estoniarrak—. “Liburuek Tom Sawyerrek, Huckleberry Finnek eta haren adiskidea zen Jimek XIX. mendearen bukaeran Mississippitik nabigatzean benetan sentitzen zutena azaltzen digute, Mark Twainek haren abenturak kontatzen zizkigunean: sakonean ezagutzen zuen garai hartako jendeak besteez zer pentsatzen zuen, haien artean bizi baitzen bera. Haietako bat zen”.
Zu bezalakoa, Joxan, gutariko bat betiko izango zarelako.
“Ea ibilbide gozoa eta luzea izaten duten zure paperezko semetxoak, esaten zenidan sarri. Ea hirian edo mendian, elkartzen garen urtea zahartu baino lehen”.
Bada, horixe, Joxan, luze eta gozoa zure liburuen bitartez izan dadila gure ibilbidea.