Fernando Aramburu idazleak datorren irailaren 20an AEE/EIEk antolatutako ‘Egilea argitalpen mundu berrian’ izeneko Jardunaldian parte hartuko du. Mercedes Pinto idazlearekin eta Javier Cámara liburu saltzailearekin batera Bilboko Alhondigan goizeko 10etatik arratsaldeko 19ak bitarte burutuko den Jardunaldiaren baitan eskainiko den “Hau da nire esperientzia” izenburuko mahai inguruan arituko da. Tokia bete bitartean, sarrera libre da.

Alemanian bizi den idazle donostiarra, egun argitaratzaile “tradizionalak” deritzon horiekin lan egiten ohitua dago eta berak horiekin izandako esperientziaz ariko da. "Argitaratzaileak liburuaren egituraketa profesionala bermatzen dizu. Gainera, nahiko ongi funtzionatzen duen banaketa sistemaren baitan kokatzen du nire lana. Liburua publizitatearen eta promozio kanpainen bidez ezagutarazten du, gainontzeko herrialdeetan sartzeko bidea zabaltzen du, pirateoaren edota plagioen aurrean babesten du eta abar. Edonola ere, niretzako, nire denbora eta gogo guztia idazteari ekiteko eta idazten aritzeko baliatu dezakedala da nire lanak argitaratzaileen eskuetan jartzearen abantailarik handiena ".

Argitaratzaileekin duen harremana pertsonalari dagokionez, gakoa konfiantzan dagoela dio: “Nire aburuz, egilea eta argitaratzailearen arteko harremanean konfiantza da ezinbesteko osagaia. Nik ezin dut lan propiorik argitaratu argitaratzaile batekin baldin eta engainatuko nauenaren susmoa badut".

Elkarrizketa osoa irakurri.