Javier Sagastiberrik bere azken eleberria aurkeztu digu, “Muerte en el Carlton”
- Xehetasunak
Gaur gure web orrialdean Javier Sagastiberriren azken eleberria aurkezten dizuegu, "Muerte en el Carlton", Erein argitaletxearen eskutik.
Eleberri poliziako baten aurrean gaude, bere egilearen bostgarrena, bertan, Agatha Christieren obren eragin argiarekin, ikerketan zehar hilketaren eta hilketaren susmagarrien arteko harremanetan murgilduz.
Javier Sagastiberrik berak bere obrari buruz hitzegin digu: “ ‘Muerte en el Carlton’ eleberri poliziakoa da, bere izenburutik bertatik asma daitekeen moduan, baina zerbait gehiago izaten saiatzen da. Alde batetik, berez poliziakoa den traman, Neguriko enpresari garrantzitsua den Juan Artolaberen hilketa ikertzen da. Artolabe bere hirurogeita hamargarren urtebetetzen festan hiltzen dute Bilboko Carlton hotelean, bertan ehun gonbidatu baino gehiago daudelarik. Hilketa azalduko luketen enpresariaren konpondu gabeko kontu ugari ezagutzen joango da irakurlea. Asko dira susmagarriak eta amaierara arte ez da jakingo nor izan del hiltzailea. Baina eleberrian aurrera egin ahala, irakurleak beste misterio bat ezagutzeko interes handiagoa edukiko du: Nor da benetan Juan Artolabe eta zeintzuk dira bere negozioetan eta bere lagun eta senitartekoekin ere hain gupidagabe jokatzeko arrazoiak? Eta horretan guztian sakontzeko, pasa den mendeko 80 eta 90eko hamarkadetan gure historia eraiki duten indarkeria ezberdinetan murgildu beharko dugu”.
Eskerrak ematen dizkiogu Javier Sagastiberriri bere obratik gehien nabarmentzen duena gurekin elkarbanatzeagatik eta obra honek poz handiak ekartzea opa diogu.
Pilar Llovesen hirugarren eleberria aurkezten dugu: “Que nadie se apiade de mi”
- Xehetasunak
Pilar Lloves idazlearen hirugarren eleberria aurkezten dugu, "Que nadie se apiade de mí" izenburua daramana eta Editorial Nimbo argitaletxearen eskutik plazaratua.
Pilar Llovesek berak bere burua “sentimenduen narratzaile” moduan aurkezten du, eta bide horretan bere hirugarren eleberria da honakoa. Harrapatu eta zalantzan jartzen zaituen istorio bihotz-erdiragarri bat da, bertan iraganak eragiten duen mina eta orainaldian dituen ondorioak jorratzen direlarik, hori guztia itxaropen izpi batekin ikusia.
Liburu honetatik zer nabarmenduko luke gehien galdetu diogu Pilarri berari: “ ‘Que nadie se apiade de mi’ gure mundu bakartiaren islada leiala da. Gure garaiko giza gertaerak aztertzea, pentsatzea, sentitzea, berriro bizitzea ahalbidetzen digun sormen lan bat da, eta horren inguruan gure buruari galdegitera eramango gaitu, tramaren irtenbidea aurkitu arte. Liburu honetan poliziako eta erromantiko bitartean dagoen trama bat dago, suizidioari buruz puri-purian dagoen eztabaidarekin”.
Eskerrak ematen dizkiogu Pilarri bere hitzengatik eta arrakasta handia opa digu eleberri berri honekin.
Berri hau aprobetxatzen dugu gogorarazteko datorren urtarrilaren 19an, 19:30etan, Pilarrek Asociación Ensanche XIX elkarteko “Encuentros con la Cultura” jardunaldian parte hartuko duela, bertan Javier Otaola gure kideak elkarrizketatuko duelarik. Topaketa Zoon bitartez egingo da. Sartzeko gakoak honakoak dira: Bilera ID: 890 5838 2788. Sartzeko kodea: 226459.
Blanca Sarasuari AEE/EIEra ongietorria eman diogu
- Xehetasunak
Atsegin handiz iragartzen dizuegu Blanca Sarasua Euskadiko Idazleen Elkartera batu zaigula.
Bilbon jaiotako idazle eta poeta honek berrogei urterekin ekin zion idazteari. Bere lehen liburua Cuando las horas son fuego, 44 urterekin argitaratu zuen. Ordutik hona hamar obra gehiago plazaratu ditu: El cerco de los pájaros (1986); Ático para dos (1989); Ballestas contra el miedo (1990), honakoak Arabako Aldundiko Ernestina de Champourcin Saria irabazi zuelarik; ¿Quién ha visto un ambleo? (1994); Rótulo para unos pasos (1997); La mirada del maniquí (2000); Coyunda recia (2005); Música de aldaba (2008). XIX San Juan de la Cruz Nazioarteko Poesia Saria; Baciyelmo (2012); Adagio para un silencio (2016), eta Stop (2019).
Mintzaira aberatsa baina soila erabiltzen du, eta bere poesiak errima eza du ezaugarritzat. Bertso libreen edertasunean sinesten du, baina estetikoaz haratago joan beharra dagoela iritzi du ere. Poesiaren sakontasuna aldarrikatzen du, bai eta klasikoetara itzultzeko beharra ere, betiereko baloreen iturri baitira.
Musika atsegin du ere Sarasuak eta poesia mundua ikusteko beste modu bat bezala ulertzen du, eta bere liburuetako batzuetan, hots Música de Aldaba, bere belaunaldiko poeten egoera kritikatzen du.
Hamar antologiatan gertutik parte hartu du. Aldizkari literarioetan kolaborazioak egin ditu ere, hala nola Zurgai, Albor (Academia Castellano y Leonesa de la Poesía-k argitaratua), Amilamia, Alborada, eta El Correo edo Diario de Ávila egunkarietan ere, besteak beste.
Ongietorria AEE/EIEra Blanca!
Juan Ignacio Montianoren “Los crímenes del valle” eta “Cornadas” aurkezten ditugu
- Xehetasunak
Urte berriari hasierari emateko iazkoaren bide beretik ekingo diogu, gure bazkideen obrak aurkeztuz alegia.
Honakoan Juan Ignacio Montianoren bi obrari helduko diegu: "Cornadas" eta "Los crímenes del valle".
Horietatik lehena “Cornadas” da, 2019an argitaratutako eleberria, hari buruz bere egileak berak hitz egin digularik:
«1995ean nire lehen eleberria argitaratu nuen, El cadáver de Porqueriza, eta bertan Luis García Otwen inspektorea sortu nuen. 1997ko Zaino eleberrian beste pertsonaia batzuk iritsi ziren, hots Perla Pérez, Usagüés, Zaino... Baina orain dela hiru urte sortu nuen pertsonaia hauen historia guztia batzen zuen eleberria. "Cornadas”.
»’Cornadas’ genero beltza eta fantastikoa elkartzen dituen eleberria da, bertan pertsonaiak bi mundu paralelotan mugitzen direlarik. Elkar topo egiten duten bi mundu paralelo, elkarrekin nahastuz. Batak bestea begiratu gabe elkarrekin bizi diren bi mundu. Batak bestearen susmoak dituen eta elkarri zelatan dabiltzan bi mundu...»
Gaur aurkezten dugun Juan Ignacio Montianoren bigarren obra "Los crímenes del valle" da, iaz argitaraturikoa. Eleberri beltza, lehen lerrotik harrapatuko zaituena, hona hemen duzue bere sinopsia:
Neska gazte bat Deba ibaian hilik agertzen da, Arrasatetik gertu. Gorpua agertzeko modu ikaragarriak eta desagerturik daraman denborak mundu guztia urduri jarriko du.
Iñaki Sainz de Murietak bere bi liburu berriak aurkezten dizkigu: “Narraciones y leyendas vascas” eta “El tejo y el petirrojo”
- Xehetasunak
Iñaki Sainz de Murieta gure bazkideak bere bi azken nobedade literarioak aurkezten dizkigu: "Narraciones y leyendas vascas" (Verbum Argitaletxea) eta "El tejo y el petirrojo" haurrentzako liburua.
Bi liburu hauei buruz Iñaki Sainz de Murietari berari galdetu diogu eta hauek izan dira bere erantzunak:
Galdera – Hitz egiguzu “Narraciones y leyendas vascas” liburuari buruz. Zer nabarmenduko zenuke?
Erantzuna – Denbora dezente landu dudan liburua da eta forma ematea kostatu zait ere, narrazioak eta kondairak fikzioaren bitartez lotzen saiatu bainaiz, baina horien nukleo tradizionala ahaztu gabe. Hori guztia publiko heldu batean pentsatzen egin dut, nahiz eta izaera tradizionala duten obra mota hauen freskotasuna mantentzen duen. Bertan Mariri, Aralarko Mikel Deunari, lamiei eta Euskal Herriko mitologiako numen ezberdinei erreferentziak aurkituko ditugu, baina baita ere gure arbasoek duela mende bat zituzten bizi baldintzei ere.
Errealismo magikoaren korrontearen baitan kokatu daitekeen obra da horren guztiaren ondorioa, nahiz eta mitoen berregokitzapen lanaren ondorio zuzena izan, sinesmenen esparruan kokatzen baitira.
G – Zer esan diezagukezu “El tejo y el petirojo” haurrentzako liburuari buruz?
E - Lierni Celarainekin batera garatu dudan proiektua da, 3D/2D artista ospetsuarekin alegia, eta AMAZONen bitartez plazaratu berri da, munduko edozein txokotan ia momentuan eskuragarri dagoelarik, izan ere beste argitaletxeek askoz ere mugatuagoa zen banaketa eskaintzen ziguten.
Helarazi nahi genuen mezuari eta detaile txikiei garrantzia handia eman diogu, hala nola hizki larri eta xeheen erabileran, horrek adin txikietan irakurketa eta idazketaren oinarrizko tresna eta estrategiak lortzea mesedetzen baitu.
Dena ongi badoa, hurrengo pausua beste hizkuntzetara itzultzea izango da, euskarari lehentasuna emanez, bai eta elkarrekin beste proiektu berriak planteatzea ere.
G – Proiektu hauetaz gain, Gesernet Argitaletxearen kontakizun solidarioen proiektuetan bete betean sarturik zaudela badakigu. Antologia solidariorik ba al da bidean?
E – Momentuz ez dago ezer itxita, baina hirugarren argitalpen solidario bat burutzeko aukera egotea espero dut, hori oso berri ona izango baita. Egia da baina oso arduratsuak izan nahi dugula fundazioaren aukeraketarekin. Bestalde, datorren urtean GESERNET argitaletxearentzako beste kolaboraziozko argitalpen sorta bat planteatuko da, hortaz horri buruz berri emango dizuedala hitz ematen dut.
G – Eta, zure beste proiektu bati buruz hitz eginez, "Kanideren abenturak" bildumari buruz berririk edukiko dugu?
E – Horretan lanean nabil. Zazpigarren alea plazaratu baino lehen premiazkoagoak diren beste proiektu batzuk amaitu behar ditut, Migueli gertatzen zaion moduan, baina argitaletxeak hori badaki eta planifikazioan egokitzean dago koxka. Datorren urtean sailaren ale berri bat argitaratzea espero dut.
Eskerrak ematen dizkiogu Iñaki Sainz de Murietari bi nobedade hauek eta lanean dabilen beste proiektuetako batzuk gurekin elkarbanatzeagatik. Hoberena opa diogu horiekin guztiekin.