Iñaki Sainz de Murieta gure bazkideak bere bi azken nobedade literarioak aurkezten dizkigu: "Narraciones y leyendas vascas" (Verbum Argitaletxea) eta "El tejo y el petirrojo" haurrentzako liburua. 

Bi liburu hauei buruz Iñaki Sainz de Murietari berari galdetu diogu eta hauek izan dira bere erantzunak:

Galdera – Hitz egiguzu “Narraciones y leyendas vascas” liburuari buruz. Zer nabarmenduko zenuke?

Erantzuna – Denbora dezente landu dudan liburua da eta forma ematea kostatu zait ere, narrazioak eta kondairak fikzioaren bitartez lotzen saiatu bainaiz, baina horien nukleo tradizionala ahaztu gabe. Hori guztia publiko heldu batean pentsatzen egin dut, nahiz eta izaera tradizionala duten obra mota hauen freskotasuna mantentzen duen. Bertan Mariri, Aralarko Mikel Deunari, lamiei eta Euskal Herriko mitologiako numen ezberdinei erreferentziak aurkituko ditugu, baina baita ere gure arbasoek duela mende bat zituzten bizi baldintzei ere.

Errealismo magikoaren korrontearen baitan kokatu daitekeen obra da horren guztiaren ondorioa, nahiz eta mitoen berregokitzapen lanaren ondorio zuzena izan, sinesmenen esparruan kokatzen baitira.

G – Zer esan diezagukezu “El tejo y el petirojo” haurrentzako liburuari buruz?

E -  Lierni Celarainekin batera garatu dudan proiektua da, 3D/2D artista ospetsuarekin alegia, eta AMAZONen bitartez plazaratu berri da, munduko edozein txokotan ia momentuan eskuragarri dagoelarik, izan ere beste argitaletxeek askoz ere mugatuagoa zen banaketa eskaintzen ziguten.

Helarazi nahi genuen mezuari eta detaile txikiei garrantzia handia eman diogu, hala nola hizki larri eta xeheen erabileran, horrek adin txikietan irakurketa eta idazketaren oinarrizko tresna eta estrategiak lortzea mesedetzen baitu.

Dena ongi badoa, hurrengo pausua beste hizkuntzetara itzultzea izango da, euskarari lehentasuna emanez, bai eta elkarrekin beste proiektu berriak planteatzea ere.

G – Proiektu hauetaz gain, Gesernet Argitaletxearen kontakizun solidarioen proiektuetan bete betean sarturik zaudela badakigu. Antologia solidariorik ba al da bidean?

E – Momentuz ez dago ezer itxita, baina hirugarren argitalpen solidario bat burutzeko aukera egotea espero dut, hori oso berri ona izango baita. Egia da baina oso arduratsuak izan nahi dugula fundazioaren aukeraketarekin. Bestalde, datorren urtean GESERNET argitaletxearentzako beste kolaboraziozko argitalpen sorta bat planteatuko da, hortaz horri buruz berri emango dizuedala hitz ematen dut.

G – Eta, zure beste proiektu bati buruz hitz eginez, "Kanideren abenturak" bildumari buruz berririk edukiko dugu?

E – Horretan lanean nabil. Zazpigarren alea plazaratu baino lehen premiazkoagoak diren beste proiektu batzuk amaitu behar ditut, Migueli gertatzen zaion moduan, baina argitaletxeak hori badaki eta planifikazioan egokitzean dago koxka. Datorren urtean sailaren ale berri bat argitaratzea espero dut.

Eskerrak ematen dizkiogu Iñaki Sainz de Murietari bi nobedade hauek eta lanean dabilen beste proiektuetako batzuk gurekin elkarbanatzeagatik. Hoberena opa diogu horiekin guztiekin.

"Narraciones y leyendas vascas" liburuaren sinopsia:

EAEn eta Nafarroan, izena duen guztia existitzen dela esaten da. Hau dela eta, errealitatearen ulermena hizkuntzaren mugek beraiek baldintzatu dute beti, izendatu daitekeen ororen materialtasuna aitortzen duelarik hizkuntzak. Obra honek darion errealismo magikoa hortaz, kosmo-ikuskera horren ondorioa besterik ez da, bertan kristautasunak eta paganismoak topo egiten dutelarik, munduaren ulermen berezi bat sortuz, bizitza eta heriotzarena, kontakizun hauen protagonista ezberdinen kulturaren zati bihurtuz. Horrela, orrialde hauetan dauden Euskal Herriko folklorearen kondaira eta kontakizunen bitartez, irakurleak erreferentziazko kulturaren bizimodua eta balore tradizionalak asimilatu eta bizitu ahalko ditu. Gainontzekoa mitologiaren eta ahozko literaturaren esparruan dago, hala nola akelarreak, sorginak eta gaueko izakiak.

"El tejo y el petirrojo" liburuaren sinopsia

“El tejo y el petirojo” istorio ederrak, Lierni Celarain artistaren ilustrazioekin eta Iñaki Sainz de Murietak idatzia, enpatia eta barkamena lantzen lagunduko gaitu, bai eta etxeko txikienek bereganatu behar dituzten balore unibertsalak lantzen ere.

Testuak haurrek errazago irakurri ahal izateko egokituak izan dira, horretarako hizki larriak eta xeheak erabiliz, horrekin adin txikietan irakurketaren eta idazketaren oinarrizko tresna eta estrategien lorpena mesedetuz, horrela, hezkuntza erabilerarako balio handiko baliabidea bilakatzen da, bai eskola esparruan bai eta etxean ere.