Sloper argitaletxeak Pedro Ugarteren "Una ciudad del norte" berriro argitaratu du.

Obra hau 1999an argitaratu zen lehen aldiz eta orain zaharberriturik itzuli da: Bartolomé Seguíren azal berriarekin eta bere egileak zeharo berrikusi eta zuzendu duen testu batekin.

Berrargitalpen honi buruz Pedro Ugarterekin mintzatu gara eta hauek dira bere hausnarketak.

Galdera – Zer aurkituko dugu, eleberri hau irakurri aurretik?

Erantzuna - “Una ciudad del norte” umore beltzez jantzitako eleberria da baina izkutuko malenkonia bat gordetzen du. Kontrapuntu hori liburu osoan zehar mantentzen da. Harreman pertsonaletan gatazkak dira argumentuaren nerbioa, baina bertan euskal errealitate gatazkatsua agertzen da ere, indarkeriak gurutzatua, bai eta iparraldetarraren aldeko apustua egiten duen hausnarketa estetikoa ere (euria, hotza...) hegoaldeko edertasunaren aurretik, beti eguzkiak, argiak eta beroak gidatua.

G – Hitz egiguzu berrargitalpen honi buruz, nola sortu da eta zergatik egiten da orain?

E - “Una ciudad del norte” 1999an argitaratu zen baina, inguruabar ezberdinengatik, nahiko mugatua izan zen bere hedapena: galdurik geratu zen, ekin nien beste argitalpen proiektuen artean. Duela bi urte, pandemia baino lehentxeago, Román Piña ezagutu nuen, Sloper-eko editorea. Haiekin kolaboratzeko aukera eskaini zidan, nik orduan “Una ciudad del norte” eskaini nuen eta akordio zoriontsu batera iritsi ginen. Egia esan Sloper-ek oso ongi argitaratzen du eta Bartolomé Seguíren azalak leialki islatzen du eleberriaren izpiritua.

G – Zer sentsazio eragiten dizkizu lehen aldiz pasa den mendean agertu zen eleberri honek? Zer izan zen orduan zuretzako eta nola ikusten duzu denbora igaro ondoren?

E – Berrinprimatu eta berrargitaratzearen artean funtsezko ezberdintasunak daude. Berrinprimatzea erosoa eta pozgarria da: editoreak hots egiten dizu ale gehiago inprimatzera doala esateko, salmentak ongi joan baitira. Fenomeno horri berrargitaratu deitzen diogu, baina ez da hala: hori berrinprimatzea da. Berrargitaratzea orain “Una ciudad del norte” eleberriarekin egin duguna da: Liburuari berriro heldu, azal berri bat asmatu, testua zeharo berrikusi eta liburua, akaso, pixka bat hobetzen saiatu. Kasu honetan gainera, bi hamarkada baino gehiago igaro dira bere lehen ediziotik. Liburua zorroztasun askorekin zuzendu dut baina, egiten nuen bitartean,lehen aldiz idatzi zuen idazle harengan ez nion pentsatzeari uzten, ni baino askoz ere gazteagoa eta, zenbait gauzatan, hain ezberdina.

G – Zein paper jokatzen dute umoreak eta ironiak obra honetan eta zure ibilbide literarioan?

E – Nire idazketan ironia oso garrantzitsua zen. “Una ciudad del norte” eleberrian ironia askotxo dago eta, maiz, umore argiagoa eta zaratatsuagoa. Denborarekin, nire istorioetan umorearen presentziak behera egin du, baina eleberri hau erabiltzea atsegin nuen garai batekoa da. Zentzu horretan, “Una ciudad del norte” eleberriak gauza ezberdinen gainean hausnartzera gonbidatzen du irakurlea, baina irribarre batekin egin dezan nahi du ere.

Eskerrak ematen dizkiogu Pedro Ugarteri berrargitalpen hoben aurrean bere sentsazioak gurekin elkarbanatzeagatik eta obra honekin eta aurreikusten dituen beste proiektuekin arraska handiak opa dizkiogu.

 

"Una ciudad del norte" eleberriaren sinopsia:

“Una ciudad del norte” eleberriaren irteera eta helmuga puntua ikastetxe bateko patioa da, beldurra lehen aldiz ikusten den espazio iniziatiko hori, ahultasun erakustaldien aurrean bizitza zorrotz agertzen den bidegurutzea. Protagonistaren epopeia une horretatik abiatzen da ezaugarri nahasezinak dituen hiri batean, gaurko Euskal Herri gatazkatsuan kokatua, hiri koloreaniztun garaikideetako fauna askotarikoa erretratatzen duen pertsonaia galeria oso batek lagundua.  

Una ciudad del norte eleberrian heldutasunaren bilaketa onarpenarekin nahasten da amaieran, eta denbora betiereko itzuleraren metafora bilakatzen da: belaunaldiz belaunaldi moldatze prozesu mingarri berbera errepikatzen da, besteen esperientziak iritsi berriei ezertarako balio gabe. Prosa inteligente baten bitartez marraztua, oharrez betea, Una ciudad del norte eleberriak ongi analizatzen du ere, literaturaren baitan, euskal errealitate egoskorra, harreman pertsonalak zailtzen dituen eta askotan horiek okertzen dituen dekoratu bat balitz bezala.

Giza izaeraren hauskortasuna islatzen duen eleberria, baina baita testuinguru sozial modernoaren muturreko ankertasuna ere, Una ciudad del norte bere belaunaldiko obra literario garrantzitsuenetako baten konfirmazioa da.