Ager Aguirrek eleberri berri bat argitaratu berri du, "No te fíes de lo que ven tus ojos". Obra hau thriller bat da, bertan egileak teknologiaren gaineko ikuspegi aztoragarri bat emanez, "La app" bere eleberrian jada egin zuen modu berean.
Ager Aguirrek birritan argitaratu du 2021 urte honetan eta, bere aurreko plazaratzearekin egin zuen modu berean,"Una historia de hu(a)mor" liburuarekin alegia, thriller berri honekin Amazon Storyteller Literatura Sariaren aurtengo edizioan parte hartuko du.
Elkarrizketa txiki bat egin diogu Ager Aguirreri azken liburu honi buruz eta epe ertainera dituen asmoei buruz ere galdetzeko.
Galdera – Zer nabarmenduko zenuke obra berri honetan?
Erantzuna – Originaltasuna. Eleberri honen protagonista nagusia Errealitate Handitua da. Snapchat bezalako aplikazioetan edo jokoetan gutxinaka gure bizitzetan sartzen ari den zerbait alegia. Eta hemen pauso bat gehiago ematen da. Lentilla batzuen bitartez zinemaren munduan aplikatuz, horiekin egileek haien lana errazten dien informazioa lortuz. Eta baita ere hiltzaileek...
G – Zer toki du “No te fies de lo que ven tus ojos” eleberriak zure egile ibilbidean?
E – Liburu bakoitzarekin zerbait ikasten da eta norberak beti uste du azkena dela ordura arte idatzi duen onena, dakien modurik hoberenean idazten baitu eta aurretik idatzi dituen liburu guztien ezagutzarekin. Niretzako, “No te fíes de lo que ven tus ojos” eleberria orain arte idatzi dudan hoberena da.
G – Zein asmo dituzu epe ertainera idazle moduan?
E – Gustatzen zaidana egiten jarraitu: istorioak kontatu. Ea lortzen dugun hori bizimodua ateratzeko bide bihurtzen. Horretan gabiltza eta horretan jarraituko dugu hurrengo proiektuekin, aurki horien berri edukitzea espero dudalarik. Aurrerapen moduan, fantasiara itzuli naizela esango dizuet.
Eskerrak ematen dizkiogu Ager Aguirreri bere erantzunengatik, eleberri honekin arrakasta handia opa diogu eta fantasiara itzulera hori interesarekin itxarongo dugu.
“No te fíes de lo que ven tus ojos” eleberriaren sinopsia
Gazte talde bat film bat grabatzen ari da errealitate handituko teknologia berri bat probatzen duten bitartean, horrekin haien gidoiak buruz ikasteko lana erraztuz, eszenak nola geldituko diren ikustea ahalbidetuz edo jantziak probatu baino lehen nola geratuko zaizkien ikusiz.
Zurrumurru eta kondairaz inguraturiko etxe sorgindu batean garatzen da filma. Benetakoak ote dira zurrumurruak? Ikusi eta esperimentatzen dutena haien irudimenaren fruitua al da? Edo dena teknologiaren errua al da?
Agerikoa dirudiena, horietako baten heriotzaren ondoren, zera da, haien begiek ikusten dutenarekin ezin direla fio.
«No te fíes de lo que ven tus ojos» esperientzia berriak bizitzera garamatzan errealitate handituari buruz hitz egiten du: joko interaktiboak jokatzea ahalbidetzen digu, gure argazkiak filtroekin hobetzen uzten digu, gure aurpegia ospetsu baten gorputzarekin film batean ikustearekin amets egiten uzten digu, eta sofatik mugitu gabe arropa edo makillajea probatzea ere ahalbidetzen digu.
Eta psikopatei aukera berriak ematen dizkie ere.