Gaur Anton Arriolaren azken eleberriari erreparatuko diogu, "El ruido de entonces", Erein argitaletxeak argitaraturik. Eleberri honek, bihar 40 urte beteko diren José Mari Ryan Lemoizeko ingeniari nagusiaren bahiketa eta hilketaren inguruko gertakariei errepasoa ematen die.

Obrak, emozio eta hausnarketen adierazpen libreagoa mesedetzen duen fikzio alegorikoa eta garai hartan nerabea zen Arriolaren beraren kronika autobiografikoa modu boteretsuan uztartzen ditu Ryanen istorioaren inguruan, bizilaguna eta familiaren laguna alegia. Egileak aitortu duenez, kontatzeko erraza izan ez den istorio bat, “baina duela denbora askotik nuen hori kontatzeko beharra”

“El ruido de entonces” Donostian aurkeztu zen pasa den ostegunean, urtarrilak 28 (hemen ekitaldiaren bideoa ikus dezakezue).

Anton Arriolari elkarrizketa egin diogu duela urte ugari hasitako eta 2020ko martxoko konfinamenduan amaitu zuen eleberriaren inguruan sakontzeko. Jarraian ematen dizkizuegun bere hausnarketak gurekin elkarbanatu izana eskertzen diogu Antoni.

Anton Arriolari elkarrizketa

Galdera – Nondik sortzen da, zein da eleberri honen motibazioa?

Erantzuna – Duela urte asko nituen oroitzapen hauek gordeta, nire familiak eta nik neuk oso gertutik bizi baikenuen tragedia hura. Bidegurutzean harrapatuta dagoen gizon errugabe baten istorioa idaztea izan zen nire lehen bihozkada. Adiskidetasuna ezinezkoa egin arte gure gizartean jarrerak geroz eta muturrekoagoak nola bihurtzen diren inguruan ere hausnarketa egin nahi nuen, horren aurkakoa, arrazoizkotasuna eta akordioa, posible izan zirenean.

G – ETAri buruzko eleberria

E – ETAren gaia jorratzea ez zitzaidan hainbeste interesatzen, errudun eta biktimen eskema batetik irtetea zaila baita. Baina Lemoizko kasuan angelu gehiago zeuden, gizarteak zentralarekiko aurkakotasun bortitza zela eta gizartea tartean sartu zen ere eta errudun gehiago zegoen ere. Ekonomia eta osasun fisikoa kontrajarri ziren, orain pandemiarekin egin den bezala.

G – Errudunen artean Iberduero konpainia elektrikoa seinalatzen da

E – Bilbotik 15 kilometrora zentral nuklear bat eraikitzeak ez zuen zentzurik. 72An agian, diseinatu zenean, aurreikuspen falta hutsagatik, baina hurrengo hamarkadan mugimendu ekologista eta antinuklearraren bilakaerak eta 1979ko Harrisburgeko istripuak ausarkeria bilakatu zuten hori.

G – Eleberriaren egitura formalari buruz hitz egiguzu

E – Kronika autobiografiko eta historikoko pasarteak fikzioarekin nahasten dira. Fikzioa duela urte batzuk idatzi nuen alegoria batetik dator. Hasiera batean errealitateari oso loturik zegoen eleberri bat idazten saiatu nintzen, Ryanen alarguna eta gertutik bizi izan zuten beste pertsonak elkarrizketatuz. Nire gurasoekin hasi nintzen eta hain handia zen aurkitu nuen min harresia, formatua aldatzea erabaki nuela. Fikzio alegoriko bat idazten amaitu nuen, pertsonaia errealak aipatu gabe. Ryanen irudikoa zen Exposito ingeniariaren egunerokoan oinarritua zen. Baina eleberria, El hombre sin importancia izenburua zeramana, hankamotz geratzen zen, gertakari errealak falta zitzaizkion, alegoria batentzako goizegi zen agian. Covidaren ondoriozko konfinamenduan zehar, fikzio horri gertakari historikoen kronika eta nire kronika autobiografiko propioa gaineratzea erabaki nuen. Oraingoan nire ama bere oroitzapenekin parte hartzea lortu nuen, nire aitak oraindik bere isiltasuna gordez, bere min harresia. Eleberri egitura originala atera zela uste dut, fikzioa errealitatearekin osatuz eta emozio plus bat emanez.

G – Nola dokumentatu zinen?

E – Dokumentazio emozional asko nuen gertakariak bizi izan nituen gertutasuna eta nire aitarekin urtetan zehar izandako elkarrizketak zirela eta. Adibidez, nire aita gau hartan Zaratamo mendian egon zen, hil zuten tokian alegia. Gainera, hemerotekaz eta zenbait liburu interesgarriz baliatu naiz. Pare bat aipatuko nituzke: La Controversia Nuclear, Euskal Kosta Ez Nuklearraren Defentsarako Batzarraren komunikatuen bilketa lana, eta Regresar a Sara, Alfonso Etxegaraik idatzia, Ryanen bahiketa eta hilketan ustez nahasturik egon zen etakideetako bat, Guardia Zibilaren arabera.

G – Liburuaren kontrazalean dioenez, “orduko oroitzapen mingarriak berreskuratu, denon artean oroimena gure etorkizunaren babesle bihur dezagun”.

E – Eleberriaren idazketatik sortzen joan zen hausnarketa kritiko bat da honakoa, ziurrenik garrantzitsuena. “Bakeak egitearen mesedetan” gertatutakoari begiak itxiz aurrera jarraitu behar ez zela ulertu nuen. Kontakizun hauek berreskuratu behar ditugu, eta gazteei helarazi bereziki, horrelako zerbait, indarkeria politikoaren erabilera alegia, berriro gerta ez dadin. Eta kontakizunak ongi etorriak izan behar dutela uste dut, denak, baina autokritika elementu batekin eta objektibotasun ideal bat bilatuz. Kasu honetan nire mea culpa propioa egiten dut, urte gogorretan  indarkeriaren gaitzespenean eta ikusmiran zeudenen defentsan gehiago nahastu ez izanagatik. Asko tragedia horietatik kanpo bizi ginen, Indarkeriaren erabilera gaitzesten genuen baina faktore exogeno eta mugiezin moduan. Gogorrago erreakzionatu beharko genukeen, gertatzen ari zena buru argiagoarekin ulertu. Horregatik ere, liburuan gaitzaren hutsalkeria Hannah Arendten kontzeptualizazio ezagunari erreferentzia egiten zaio. Tristeki, denera ohitzen gara. Horren aurka borrokatu behar da, demokrazia, zibilizazioa edo bakea bezalako pilareak uste duguna baino hauskorragoak direla ikusi baitugu.

“El ruido de entonces” eleberriaren sinopsia

Ingeniaria 19:45etatn irten zen zentraletik, bere Seat 131 zurian. Inoiz ez zen etxera iritsi. 21:30etan, Egin egunkariko Bilboko delegazioan dei bat jaso zen. «Ryan gurea da, Iberduerokoa», esan zuten. Orduan larritasun eta esperantzazko aste luze bat hasi zen, bere amaiera doilorkeriaren historiaren zati izatera pasatuz. Ordutik hona nire amak, larunbat goizetan esnatzean, segalari baten hotsa entzuten zuen. Munduaren makineria urruma izugarri batekin jartzen zen martxan, suntsitze eta hondamenari buruz hitz egiten ziolarik, edozein soneto edo diskurtso landuk egin zezakeen baino hobe. Baina bere buru barruan bakarrik existitzen zen jada: urte ugari pasa ziren José Marik bere lorategiko belarra mozteari utzi zionetik.

Fikzio alegoriko eta kronika autobiografikoa modu boteretsuan uztartuz, El ruido de entonces Lemoizko zentral nuklearraren inguruko gertakari tragikoetan murgiltzen da. José Mari Ryan ingeniariaren bahiketa, egilearen familiaren bizilaguna eta laguna alegia, da elementu zentrala. Bidegurutze batean harrapatutako gizon errudun baten istorioa kontatzeko hasierako asmoarekin batera, kontakizunetik ziurtasun bat jaioko da: orduko oroitzapen mingarriak berreskuratzeko beharra, denon artean oroimena gure etorkizunaren babesle bihur dezagun.