Fernando Aramburuk "Utilidad de las desgracias" argitaratu berri du azken asteotan, bere hirugarren obra "Patria" eleberriaren ondoren. Liburu honek kazetaritza formatuko eta doinu literario fineko artikuluak jasotzen dituen bilduma da, horietan gai anitzak jorratuz eta behar-beharrezkoa den idazle hau sakonki ezagutzea ahalbidetuz.

Argitaratze hau aprobetxatuz Fernando Arambururekin obra honi buruz laburki mintzatu nahi izan dugu, bai eta irakurleekin duen harremanari buruz, bere idazketa erritualak eta egile moduan izandako bilakaerari buruz ere.

Galdera - “Utilidad de las desgracias” artikuluak, oroitzapenak eta esperientzia pertsonalak biltzen dituen liburu bat da, irakurleekin elkar aurkitzeko, zer helarazi edo inspiratu nahi diezu irakurleei obra honekin?

Erantzuna - “Utilidad de las desgracias” liburuan egunkariko artikuluen formatuari heltzen diot, gaurkotasunak ezarri ohi duen premiarik gabe hein handiagoan edo txikiagoan humanitateei loturiko gai anitzen inguruan hausnarketan aritzeko. Bere orrialdeen artean garrantzitsuak iruditzen zaizkidan gaiak ez dira falta, hots hezkuntza, literatura, indarkeriaren gaitzespena edo bizitzaren plazer txikiak, horri guztiari ebokazio eta bizitzaren deskribapen apur bat ere gaineratuz.

G – Nola zaintzen dituzu zuk zure irakurleak? Zer ikasten duzu haiek entzuten?

E – Ez zait iruditzen hau aurreikusi daitekeenik; baina irakurle erne batek idazleari estimulu bat, kritika eraikitzaile bat edo aholku bat emateko aukera beti dago. Nik ez diot probetxuzkoa izan daitekeen ezeri aterik ixten.

G – Liburu honetan idazterako orduan dituzun erritualak agerian jartzen dituzu, horietako baten bat azal dezakezu?

E – Suposatzen dut norberak bat edo bestea hartuko duela bere nortasunaren, bere zaletasunen edo bere lana garatu duen inguruabar mesedegarri edo kaltegarrien arabera. Nire errituak, egun osoa idazketan ematen duen gizon diziplinatu batenak dira. Eta badut, bai, produktibo mantentzeko, blokeoak ekiditeko eta horrelakoetarako amarru sorta bat, nahiz eta beste munduko ezer ez izan. Egunero ordu erdi eta hiru ordu laurden arteko sormen-bolada ona eragiten didan goizeroko sagarrari buruz, liburuko artikuluetako batean hitz egiten dut.  

G – Zure aurreko obra, “Autorretrato sin mí”, eta “Vetas profundas”, zertzelada autobiografikoak eta artikulu bilduma bat jasotzen dituzte, nola ekiten zaio idazketa lanari “Patria” bezalako liburu arrakastatsu baten ondoren?

E – Komenigarria litzateke zehatz-mehatz idazketa den horren eta argitalpen estrategia dei dezakegunaren artean ezberdintzea. “Patria” liburuaren ondoren eleberriak idazten jarraitu dut; bat amaitu nuen eta beste bat oso aurreratua daramat. Hori bai, editoreak, lagunek eta nik neuk ulertu genuen liburu hauek ez liratekeela berehala argitaratu behar, “Patria” liburuaren itzal luzetik libratzeko helburuarekin. Nire burua ez dut genero bakarreko egiletzat. Beste gaiak jorratzea gustatzen zait ere, nahiz eta minoritarioak izan, eta hori da egin dudana, salmenta arrakasta kosta ahala kosta bilatu gabe.

"Utilidad de las desgracias” liburuaren sinopsia

Azkenean “Patria” eleberriaren egilearen literatura pieza hoberenak liburu batean jasoak.

Bere haurtzaroa Donostiako errebal batean, bere minaren oroimena Euskal Herriko urte ilunetan, Alemanian maisu moduan izandako bere esperientzia, idazteko eta irakurleekin aurkitzeko orduan bere erritualak, paseo eta bidaia batzuk, Albert Camusen irakurketa erne batetik ateratako lezioak: liburu honek Fernando Arambururen artikulu literario hoberenetako batzuk jasotzen ditu. Umorez, sentsibilitatez eta jakituriak beteriko pieza zoragarriak dira, eta apunte narratibo moduan, oroitzapenen zertzelada moduan edo bizi tratatu moduan irakur daitezke, iparrorratz moral gisara balio duten ziurtasun batzuetatik abiatuz. Liburu atsegina, humanismoaren bidean, lasaia, kolorista, eguneroko detaileekiko gustua duena, txoriak eta urtxintxak ospatzen dituena, literaturari amodioa eta pedantekerien aurka umorea erakutsiz, fanatikoak barregarri utziz eta biktimei elkartasuna erakutsiz.