Idazle gasteiztarrak datorren irailaren 15ean aurkeztuko du obra

Nire etxe parean gelditu zaitezke oina igeltsatuta dut eta? Zergatik ez zara auto-ilaratik espaloi gainetik irteten? 20 urteko haurrek txartelik ordaintzen al dute? Gaueko zerbitzuak egun osoan zehar funtzionatzen al du? 200 euroko billeterik onartzen al duzue? Arrapala jaitsi dezakezue hozkailu bat igotzeko? Zazpiak eta hogeietako autobusa zein ordutan pasatzen da? Hauek dira Jesús María (Txusmi) Sáezek TUVISAko (Gasteizko garraio udal enpresa) langile moduan 17 urtetan zehar erantzun behar izan dituen galdera batzuk eta orain pasadizo bilduma batean jaso ditu Historias del autobús: anécdotas de un conductor izenburupean.

Sáezek 2016tik idazten du igandero zutabe bat Arabako Diario de Noticias egunkarian, euskal hiriburuko mugikortasuna eta garraioa umorez jorratuz. Historias del autobús (Miren Ibañez Diario de Noticias-eko zuzendariaren hitzaurrearekin) urte hauetan zehar argitaraturiko artikulu hoberenen bilduma bat da. 2018ko Amazon Literatura Sarian parte hartuko duen obra hau (kazetaritza atalean) datorren ostiralean aurkeztuko da egunkariaren bulegoetan.   

Historias del autobús: anécdotas de un conductor liburuan Txusmi Sáezek TUVISAren historia laburbiltzen du orain 50 urte sortu zenetik, horregatik Vitoria-Gasteizen bizi diren irakurleentzako ez da istorio bilduma bat bakarrik, haien bizitzen zati bat baizik.