Lainoa saretu zenean, Norak bere burua zurezko itsasontzi baten txopan aurkitu zuen, txatalez jositako bela handi baten eta popako kroskoaren artean bilin-bolonka. Hain zen bela handia aurrean zuen hura, non oihalez bestaldera kubiertan gertatzen ari zena ezin baitzuen ikusi.
Kubierta gainean zeudenek egiten zuten zarata entzun baino ezin zuen egin Norak. Belarrietara heltzen zitzaizkion herrestatze eta kolpe-hotsen arabera, belaz bestaldera zeudenek lanean buru-belarri zihardutela ematen zuen, baina batek zekien zinez han zer gertatzen ari zen.
Berbontzi ere bertan zen, tokia arreta handiz miatzen eta Noraren inguruan buztanari eraginez, bere zaunkaz inguruko zalapartak estaltzen zituela.
—Nora demontre ekarri nauzu? —galdetu zuen Norak, biziki ernegaturik.
Erantzunik eman ahal ezean, Berbontzi Noraren alboan eseri eta apaltasunez jaso zituen sorbaldak.
Haizeak bela puzten zuen bakoitzean, oihal-txatalen batek amore eman eta berriro askatuko zela zirudien. Baina azkenean, kosta ahala kosta, oihalak haizearen oldar guztiei eustea lortzen zuen.
Leku ezezagun batean dagoenari pizten zaion jakin-minaz, Nora oihalaren atzetik kirik egitera joan zen, beste aldean gertatzen ari zena behingoz ikusteko.
Itsasontziaren bizkarra gizonez beterik zegoen. Eta ez ziren nolanahiko gizonak han zeudenak, ez, liburuetan agertzen zirenak bezalako pirata peto-petoak baino. Beren zuloz beteriko jantziak eta beren paperez egindako apaingarriak ikusita, munduko piratarik arrakastatsuenak ez zirela pentsa zitekeen… baina larderia handiko gizonak ziren, hala ere, Noraren begietan.
Lanean zain eta muin ari ziren denak. Honako hau kanoien zuloak garbitzen, horrako hori ontziaren gainaldea zolatzen zuten egur xaflei argizaria ematen, harako hura ababorreko krokoa babesten zuen margoari ukitu batzuk ematen.


Haien itxura traketsa ikusita, gezurra zirudien hain pirata beharginak izatea.
Baina ikusten zituen gauza guzti haietatik, Norari atentzioa gehien ematen ziona istriborreko krokoari lotutako iman erraldoi bat zen. Imanak zaldi-ferra itxura zuen eta bere pisuak oreka guztiz ezegonkortzen zion itsasontziari, itsasoan aurrera zabu-zabuka egitera behartuz.
Zertarako erabiliko ote zuten pirata haiek imantzar hura?
—Ezkutuko bidaiari batzuk aurkitu ditut, kapitaina! —oihu egin zuen pirata batek Nora eta Berbontziren gibeletik.
Konturatu orduko, gure bikotea inguratua zuten piratek. Eta haien asmoa ez zirudien batere ona.

Más información sobre 'Berbontzi'