Ramón Andrések bere azken obra aurkeztu digu elkarrizketa honetan, "Caminos de intemperie" izenburua darama eta Galaxia Gutenberg argitaletxeak plazaratu du. Bertan, pentsalari eta poeta nafarrak bere bizitzaren eta idazle ogibidearen gaineko hausnarketa egiten du, horretarako aforismoak eta prosan egindako pentsamenduak erabiliz.
Ramón Andrés elkarrizketatu dugu, liburu berri honi buruz eta beste gaiei buruz ere hitz egin diezagun. Bere arreta eta erantzunak eskertu nahi dizkiogu.
Galdera – Berrienetik hasita, “Caminos de intemperie” lanari buruz hitz egitea nahiko genuke, argitaratu berri duzun liburuari buruz alegia. Obra berri honetatik zer nabarmenduko zenuke?
Erantzuna – Agian liburu latza da, ez oso atsegina. Horren arrazoia agian, une pertsonal oso gogorrean idatzi izana da. Badakit aforismoei dagokienez, aurreko liburuetan lortu ez ditudan uneak lortu ditudala. Eta prosan idatzitako zatiei dagokienez, askotan molde autobiografikokoak direnak, niretzako berritasuna dena, ziztatzailea izaten saiatu naiz, gure munduak hala eskatzen baitu. Ziur nago liburua irakurle moduan has daitekeela eta konplize moduan amaitu, bizi dugun unea ez baita itxaropentsua.
G - “Caminos de intemperie” liburuan aforismoak erabiltzen dituzu berriro, zure obraren zati garrantzitsua direlarik (jada argitaratutako hiru libururekin: Los extremos, Puntos de fuga eta Malas raíces). Zure iritziz, zeintzuk dira aforismoek kulturaren eta filosofiaren mundura egiten dituzten ekarpen nagusiak?
E – Aforismo batek intentsitate handiko karga intelektual eta emozionala eduki dezakete. Pentsa dezagun filosofia erabakigarri asko maxima, esaera, aforismo bitartez adierazi dela, eta honen inguruan Pascal, Nietzche, Wittgenstein etor daitezke burura. Laburtasun logikoaz gain, aforismo on batek barneratzea eta sorpresa dakartza, hori delarik pentsamendua esnatzeko, astintzeko, bizkarretik harrapatzeko moduetako bat. Gaur asko jorratzen den generoa da, baina askotan genero honen arrisku handienean erortzen dela ikusten dut, burutapenean alegia. Aforismo baten gauzarik okerrena, hari ez gustatzea da.
G – Liburu berri honetan zure bizitzaren eta idazle moduan zure lanaren gaineko hausnarketa egiten duzu eta zuretzako garrantzitsuak diren gaiei heltzen diezu, hots musika, artea, historia, natura, baina gure garaiko gaitz batzuen salaketa albo batera utzi gabe. Zeintzuk uste duzu direla XXI mendeko gizonaren bertute eta akats nagusiak?
E – Egia da, biografia zati bat du. Ez nintzen inoiz intimotasunaren toki horietan barneratu. Gurutzatzen ari nuen uneagatik beharrezkoa izan zen agian. Bestalde, natura, musika, literatura , filosofia, espiritua, beti egon dira nirekin, salbazio taulak izan dira, benetako etxe bat, zinez inoiz izan ez dudan etxea.
Ez naiz ausartuko esatera zeintzuk diren gure bertuteak XXI mendeko lekuko garen heinean. Asko direla esan diezazuket bakarrik, ez baitugu esperientziatik ikasten. Ez dugu ikasten. Heldugabe eta apetatsu, askatasuna eskatzen dugu eta ez dakigu harekin zer egin. Ez gara behar bezain beste kritiko, ez bakarrik gaizki planteaturik dagoenarekin, adibidez ikuspuntu politikotik, baizik eta geure buruarekin, dena onartzen baitiogu gure buruari. Janari gehiegi eta erosotasun gehiegi. Honek baretu egiten gaitu. Akatsei dagokienez, esandakoaz gain, nartzisismo itogarria eta subjektibotasunaren goratzea daude. Autoerreferentzialtasunean itotako mundu batean bizi gara..
G – Pasa den urrian Kultura eta Kirol Ministerioak 2021 Saiakera Sari Nazionala eman zizun “Filosofía y consuelo de la música” (Acantilado) lanagatik. Epaimahaiak “musikari eskainitako liburu monumentaltzat” jo zuen obra hau, “filosofiaren eta musikaren arteko harremana sakratua erakusten duena”, eta “musika eta poesia Antzinatasunarekin elkarrizketaren bitartez elkartzeko eta zeinu ezberdinetako irakurleak erakartzeko” gaitasuna nabarmendu zuen. Zer da zuretzako sari hau eta nola baloratzen duzu?
E – Esker onez baino ezin dut baloratu eta esfortzu bati egindako aitorpen moduan. Baina egiazale izateko, inor ezin da lokartu eta zerbait lortu duela uste, azken urteetan, salbuespenak salbu, nahiko lotsagarriak, justifikaezinak izan diren saiakera sari nazionalak egon baitira (eta beste diziplinetakoak), arrazoi politiko bati edo moda bati erantzunez horiek. Sari batek ezin zaitu inoiz lasai utzi. Benetan merezi duzu? Hori beti galdetu behar diozu zeure buruari, dauden aurrekariak ikusita.
G – Nola bizi duzu idazle moduan literaturan dagoen multiformatu paradigma berria?
E – Lengoaia modu berriak irekitzeko balio izatearen konfiantzarekin, izan ere, falta zaiguna, orokorrean, lengoaiaren zaharberritze mentala baita. Formatu eta genero berri asko agertu arren, gure burua hedatzeko prest ez baikaude, beste behin ere porrot egingo dugu.
G – Gurekin elkarbanatu nahiko zenukeen eta al lantzen ari zaren etorkizuneko proiekturen bat duzu?
E – Beti nabil proiektu bat edo birekin eskuartean. Hain hasiberriak dira ez naizela horiek komentatzen ausartuko, izan ere nik ere ez dakit nora iritsiko diren. Horietako bat, landuagoa, musika tresna baten afinazio uneari buruzkoa da, obra piktorikoetatik abiatuz analizatuz. Musikaren aurreko unea pentsatzea da, gure barne-belarriari buruz ikertzea, oraindik azaldu ez den gertakariari buruz hitz egitea. Gauzen jatorriari buruz hitz egitea alegia, batzuetan ohartzen ez garen lehen argiari buruz.
Eskerrak ematen dizkiogu berriro Ramón Andrési bere denborarengatik eta bere erantzunengatik, eta arrakasta handia opa diogu obra berri honekin eta proiektu hasiberri horiek errealitate ukigarriak bihur daitezen interesarekin itxarongo dugu.
"Caminos de intemperie" liburuaren sinopsia
Aforismoak beti izan dira Ramón Andrésen obraren funtsezko zati bat, jada argitaratutako bere hiru aforismo liburuek frogatzen duten moduan, Los extremos, Puntos de fuga eta Malas raíces. Aforismoez gain prosan egindako pentsamenduak ere dituen liburu berri honetan, Ramón Andrések bere biografia propioaren eta bere idazle ogibidearen gaineko hausnarketa egiten du, bai eta musikaren eta artearen garrantziari buruz, historia eta naturari buruz, mantsotasunari eta austeritateari buruz. Eta ironiaz eta umorearekin gure garaiak gorroto duena salatzen du, teknologiaren adorazio itsua, zientziaren absolutismoa, ezjakintasunaren lanketa, birtualak errealaren lekua hartzea, esklabo bihurtzen zaituen indibidualismoa, beharrizanen sortze obsesiboa. Jakituriaz betetako liburua, jakinguraren, miresmenaren eta harriduraren alde egiten du, gelditasunetik eta soiltasunetik, biziraupen metodo moduan, bere existentziatik inor ez dela kalterik gabe irteten jakitun.