Euskadiko Idazleen Elkartera ongietorria eman dogu Asier Maia Anabitarteri.
Gasteiztarra jaiotzez, Euskal Filologian Lizentziaduna eta hogeita hamar urtez hezitzaile eta maisu lanetan aritua da, orain arte hiru obra argitaratuz autoedizioaren bidez.
2013 urtean, bere buruarentzako urte askoz idatzi ondoren, bere lehen liburua argitaratu zuen autoedizio bidez eta bi hizkuntzatan: “BIZI-HITZAK, barne bidaia literarioa / VIDAS Y VENIDAS, Un viaje literario interior”. Lagun batzuen argazki erakusketa bisitatu ondoren, hausnarketak, ipuin txikiak, poemak eta narrazio laburrak idatzi zituen argazki bikain horietako batzuentzako.
2018an, autoedizio bidez ere, “LEYENDO VIVO, El alma secreta de los libros” obra plazaratu zuen. Irakurri zituen 25 liburutatik ateratako 25 zita abiapuntutzat hartuz, bidaia kontakizunak, narrazio laburrak, prosa poetikoa eta poemak idatzi zituen. Horiekin batera, Iñaki Lauzirikak testu bakoitzarentzako “ad hoc” egindako ilustrazioak aurkitzen ditugu ere.
Azkenik, 2020ko azaroan eta, nola ez, autoedizio bidez ere, orain arte anbizio handieneko bere proiektua izandakoa argitaratu zuen: “ZURI-BELTZAREN KOLOREAK / LOS COLORES DEL BLANCO Y NEGRO”, bi hizkuntzako edizioan zein Euskarazkoan bakarrik.
IÑAKI LAUZIRIKAren ilustrazioen edizioaren emaitzarekin konforme egon ez ondoren, hari ordain moduan bere ilustrazioekin erakusketa bat egitea pentsatu zuen. Proiektua borobiltzeko, ilustrazio bakoitzarentzako olerki bat idatzi zuen, eta, oraingoan bai, merezi duten moduan goratuak ikus daitezke. Gai sozialak (emakumearen egoera, emigrazioa, bazterkeria, ahaztuak eta ikusezinak), eta hausnarketarako eta protestarako hizkuntzen eta arteen beharrezko eginkizuna dira poema bildumaren ardatz nagusia.
Liburuan bertan, QR kodeen bidez, 42 emakumeren ahotsetan olerki guztiak entzun daitezke. Horrekin guztiarekin, hilabete batez Gasteizeko ARTGIA Sorgunea galerian aurkeztu zuen liburua eta ilustrazio guztien erakusketa, horri guztiari KOLDO BERRUETEren egurrezko eskulturak gaineratuz, bai eta piano saioak, ilustrazioa, musika kontzertuak, Braillez idatzitako poemak, poesia irakurketak eta beste ikuskizunak ere.
Ongi etorria AEE/EIEra, Asier Maia!