Julia Otxoa idazle donostiarrak, datorren asteartean, maiatzaren 27an, 'Jardín de arena'(La Palma Argitaletxea) poema-bilduma aurkeztuko du. Arratsaldeko 19,30etan Callaon dagoen La Central liburudendan. Liburua, emakumezkoen poesia eta saiakera bilduma berri baten baitan argitaratu da: 'eme::escritura de mujeres en español'. Emakumezko poeta espainiar eta hispanoamerikar hoberenen lanak jasoko dituen bilduma da eta Nuria Ruiz de Viñaspre poeta eta editorea izanen da horren buru. Aurkezpenean bildumaren lehenengo hiru lanen egileak egonen dira, euren liburuen berri emateko: María Antonia Ortega (Madril), Julia Otxoa (Donostia) eta María Negroni (Buenos Aires).
Julia Otxoak dioenez, 'Jardín de arena' liburuan "basamortuaz eta lorategiaz aritzen naiz, denbora zirkular batean elkarrizketan dauden espazio bi gisa. Toki guztietatik kanporatua izateak suposatzen duen egoera larritik, deserritik, non den dena eteten den berriz ere lorategian loratzeko, iniziazioko aurkipen gisa. Hutsaren errealitatetik, jaiotzea. Hizkera galdu, azkenean, berriz topatzeko, sutan. Errora eta hitzarako areazko igarotzea, xarma azaleratuz".