Javier eta José Luis Díez anaiek, euren lanak díez+zeíd deituraz sinatzen dituztenek, irabazi dute Euskadiko Idazleen Elkarteak antolatzen duen ‘Juan Carlos Eguillor’ IV. Nazioarteko Ikus Poesia Saria. Elssie Ansareo, Mikel Jaúregui eta Óscar Sotillosek osatutako epaimahaiak ‘Controversia’ lana hautatu du, aurkeztu diren 119 lanen artetik hoberena delakoan.

‘Juan Carlos Eguillor’ irabazten duen lanari 600 euroko saria dagokio; batera, accesit bi banatzen dira; oraingoan, accesitak Jordi Alcarazen ‘La partida’ eta Iñaki Saldañaren ‘Me siento libre’ lanek jaso dituzte. Hauetaz gainera, epaimahaiak beste 20 lan hautatu ditu eta, saritutako lanekin batera, udazkenean Bilbon inauguratuko den erakusketa osatuko da.  Erakusketa Estatuko eta Euskadiko zenbait hiri bisitatuko ditu.

Sarira Espainiako komunitate guztietatik aurkeztu dira lanak, bai eta Argentina, Kanada, Txile, Kolonbia, Kuba, Estatu Batuak, Irlanda, Mexiko, Uruguai eta Venezuelatik ere.

Javier eta José Luis Díez diseinu industrialeko enpresa bat dute Madrilen eta, batera, ikus poesiako lanen egileak dira. Euren ‘Controversia’ lan irabazleaz aritzean, lana hori garatzea erronka itzela izan dela ekarri dute gogora, “izan ere, oso objektu sinpletik abiatutako lana baita, hots, betaurreko batzuetan oinarritutakoa. Horien aurrean jarri eta horrekin zer egin zitekeen izan zen gure lehenengo gogoeta”. Bere gainontzeko lanetan bezala, objektu erreal batekin aritu dira lanean, teknologia digitalik erabili gabe.

Elssie Ansareo epaimahaikideak, ‘Controversia’ lanaren inguruan, “sinpletasun zaindua eta irudiaren indar esanguratsua” azpimarratu ditu. “Ikusmena gogora ekartzen digun objektu tinkoa da, zerbaiten inguruko ikuspuntua gogora ekartzen diguna, diskurtso baten norabide subjektiboa eta interpretazioa tartean daudelarik”.

Euskadiko Idazleen Elkarteak, Donostian 1947an jaio eta 2011n zendutako Juan Carlos Eguillor Uríbarri artistaren omenez urtero antolatzen duen Saria dugu hau.

Controversia, lan irabazlea

La partida, accésit

Me siento libre, accésit

Hautatutako eta saritutako lanen zerrenda

díez+zeíd-ekin elkarrizketa