María Eugenia Salaverri gidoilari, ekoizle eta AEE/EIEko presidenteak Bilboko Nazioarteko Zinema Labur eta Dokumentalaren Lehiaketa-ZINEBI-ren ohorezko Mikeldi saria jaso du.

Harekin batera, Ana Murugarren muntatzaile eta errealizadore euskaldunak eta Jean-Pierre eta Luc Dardenne zuzendari belgiarrek jaso dute ohorezko sari hau.

ZINEBIk horrela “Bizkaiko panorama zinematografikoan 80 eta 90eko hamarkadetan aitzindari hauen lan garrantzitsua” aitortzen du, “tokiko ekoizpenetan emakumeen papera bigarren mailako paperetara mugatzen zen garai batean alegia”.

Maria Eugenia Salaverrik literaturan eta kazetaritza ibilbide luzea egin du, eta gidoilari eta ekoizle moduan aritu da ere Javier Rebollorekin, “Marujas asesinas” edo “Txarriborda” bezalako filmetan.

Elkarrizketa labur bat egin diogu María Eugenia Salaverriri sari bikain honen aurrean bere inpresioak ezagutzeko. Jarraian duzue elkarrizketa.

María Eugenia Salaverriri elkarrizketa

Galdera - Saritua izan zaren proiektu guztien artean zein iruditzen zaizu hoberen ordezkatzen zaituela edo zein aukeratuko zenuke zure lan hoberen gisa?

Erantzuna – Parte hartu izan dudan film guztiak asko gustatzen zaizkit. Guztietan esfortzu handia, ilusio handia eta amodio handia jarri ditut. Eta guztietan kalitatea eta egikera ona daude. Baina bereziki disfrutatzen ditudan bi film luze daude: “Marujas asesinas”, 2001 urtean filmatua, eta “El extraño anfitrión”, 2011an filmatua. “Marujas” filmeak ekoizleek eskaturik eduki zuen izenburu hori, hasiera batean “Hamsters” izenburua jarri baitzioten, eta istorioak kontatzen duenarekin egokiagoa zela uste dut. “Marukas”izenburua agian nahaskorra da, ikusleak komedia arin bat aurkituko duela iradokitzen baitu eta zeharo kontrakoa da. Umore asko duen arren, umore krudela da eta bizitza ikusteko oso modu aztoragarria erakusten du. Gidoiarekin asmatu nuela uste dut, aurrekontua egokia izan zen eta filmarengan eragina zuen guztia -aktoreak, argazkia, musika, arte departamentua, jantziak...- bikainak izan zen. Oso film arrakastatsua izan zen, mundu osoan zehar bidaiatu zuen eta jende eta toki oso interesgarria ezagutzea ahalbidetu zidan.

“El extraño anfitrión” Bizkaian filmatu zen eta nekazalturismo batera zihoazen eta bertakoekin harreman txarra zuten ikasle gazte talde baten istorioa kontatzen zuen. Istorioa idazten asko gozatu nuen, oso iluna eta ia beldurrezkoa izanik, eta aurrekontua oso estua izan arren, ekainean filmatu zen Bizkaian, eguraldi paregabearekin, eta Urdaibaiko lokalizazio ederrak aprobetxatu ziren, oso film polita lortuz. Gainera, haien gaztetasuna nabaria izan arren oso trebeak ziren aktoreekin lan egitea oso atsegina izan zen. 

Galdera – Eman berri dizuten saria zure gidoilari eta ekoizle alderdiari dagokio baina idazle moduan ere sariak jaso dituzu, zerk eramaten zaitu genero bat edo beste aukeratzea istorio bat idazterako orduan?

Erantzuna – Ohorezko Mikeldi saria ez didate nire gidoilari lanagatik bakarrik eman, ekoizle lanagatik ere baizik. Bi alderdi oso ezberdin dira, eta batzuetan haien artean lehian egoten dira ere, ekoizleak eman ezin dion zerbait nahi izaten duelako gidoilariak (orokorrean aurrekontua dela eta), edo aurkakoa. Agerikoa denez, oso ezberdina da narrazio bat idaztea eta gidoi bat idaztea. Baina nolabait, ideiak aukera bat eta bestea eskatuz jaiotzen da. Moldaketa bat denean, kontakizun batetik abiatzea eleberri batetik egitea baino hobe dela uste dut, gidoilariari askatasun handiagoa ematen baitio istorioa bere egiteko. Edozein kasutan, ni poesia idazten hasi nintzen, ondoren kontakizunera pasa nintzen eta urte askoren ondoren hasi nintzen gidoiak idazten. Literatura idaztearen eta zinemarako idaztearen artean aurkitu nuen alderik handiena zera da, literaturan pertsonaiek pentsatu, sentitu, amestu edo desiratu egiten dutela, eta hori kontatu dezakezula. Zineman ordea, barneko mundu hori guztia ekintzetan islatu behar da. Horrek erakutsi zidan jendea ez dela esaten duenarekin definitzen, egiten duenarekin baizik. Asko harritu ninduen aurkikuntza izan zen hori.

ZINEBIren 62. edizioa

ZINEBIren 62. edizioa pasa den ostiralean hasi eta datorren azaroaren 20raino egingo da. Bertan 36 herrialdetako 121 film erakutsiko dira: 89 film labur, 5 film ertain eta 27 luzera handiko film.

Euskal zinemagintzak zama berezia edukiko du jaialdian. ‘Bertoko Begiradak-Miradas desde Euskadi’ atalak 22 film labur ditu, horietako 18k Cine Club Fas Sarian lehiatuz, eta berriki egindako 7 film luze ere. Estreinuen artean nabarmentzekoak dira Josu Rekalderen ‘Esther Ferrer. Hitos del tiempo’, artista beteranoari buruzkoa, Marta Gómezen ‘Fabricando Mujeres 2.0’, Javier Rebollok zuzenduriko eta María Eugenia Salaverri omenduaren ekoizpen eta gidoiarekin egindako ‘De los ojos adentro’, edo Josep Morell eta Jordi Vilaren ‘Ernest Lluch, libre y atrevido’.