Horietako bat 2000 Serantes Saria irabazi zuen
Bihar, abenduak 12, 19:30etan, Javier Gil Diez-Conde idazle eta irakasleak, Donostiako Lagun liburu dendan La irreductible comedia cruel aurkeztuko du, bere komedia krudeletako bien birargitalpena: Sueños de identidad eta La Tierra movida bajo los pies. Tábula rasa argitaletxeko katalogoan aurkitu daitezke. Aurkezpena J.Mª Salbidegoitiaren (EHUko irakaslea eta “Ciudadanía y Libertad” elkarteko presidentea) eta Mari Cruz Morales Irazábalen (irakaslea eta antzerki zuzendaria) esku izango da.
Sueños de identidad-ek 2000 Serantes Saria irabazi zuen eta Koldo Mitxelenan estreinatu zen 2005eko maiatzaren 19an, Antzergi Egileen Elkartearen (ATT) irakurketa dramatizatuen zikloaren baitan. Ikuskizunak, Mari Cruz Morales Irazábalen zuzendaritzapean, euskal hiriburuetan eta Espainiako hiri ugaritan gira egin zuen ondoren, Irungo Amaia Kultura Zentroan azken emankizuna eginez. Komedia honetan, Alcázar del Rey irudimenezko mugako herriko alkate lizunak, ondoko herri portugaldarreko alkatea den bere maitalearekin batera herriaren izena aldatzeko duen nahia erakusten da, horretarako konurbazioaren aitzakia jarriz Europako politika zorrotzek horri buruz diotenaren harira, horren ondorioz bien bahiketa eraginez tokiko komando arraroaren eskutik, nortasun esentzien irudi bizi bihurturik.
La Tierra movida bajo los pies obran, bi antzinako lagunen topaketatik sortzen da gatazka, bata erakunde terroristako kidea eta bestea bakearen aldeko aktibista komunikabideetan, eta hori aldebakarreko eta behin betiko su eten aldarrikapen baten testuinguruan. Topaketan biek haien rolak aldatuko dituzte, banda armatu horren azken atentatuaren aukera trajikoa hor dagoelarik.
Egileak azaltzen duen moduan, komedia krudela «bizitzaren eta eszenaren arteko harreman klasikoari buelta eman nahi dion estetikan datza: antzinaroan bizitza krudel bati eszena trajiko, heroiko bat egokitzen bazitzaion, gaur egungo munduan, komunikabideen bitartez jasotzen dugun errealitate bati eszena krudel bat egokitu beharra zaio, heroirik gabe, komedia batean bezala».