2015 Nadal Sariaren finalistetako bat izan zen  
     

Datorren ostegunean ekainak 9, 19:30 etatik aurrera, Iñaki Martínezen La ciudad de la mentira lanaren aurkezpena izango da Bidebarrietako Liburutegi Zentralean (Bidebarrieta Kalea, 4 Bilbo). Bilboko Liburu Azokaren antolakuntzak programaturiko ekitaldien baitan dago ekitaldia. Guatemalar jatorria duen egile euskaldunak Eugenia Salaverri Euskadiko Idazleen Elkarteko presidentea izango du lagun. La ciudad de la mentira Destino argitaletxeak argitaratu du eta eleberri honekin Iñaki Martínez Nadal Sariaren sei finalistetako bat izan zen iaz.

Garaiari buruzko dokumentazio historiko lan zorrotzaren ondoren eta 30 hamarkadako azken urteetan Tángeren kosmopolitismoak liluraturik, Martínezek hainbat istorio gurutzatu sortzen ditu espiak, botere aliantzak eta nahitaezko klima belikoa gailenduz.

Hiria eleberriaren protagonista bat gehiago da, irakurleak Casablanca-ri keinuak igarriko diziolarik. Michael Curtizek zuzendutako film mitikoan bezala, amodioak ere bere lekua dauka Iñaki Martínezen eleberrian, Boston eta Oñate bezalako toki hain ezberdinetako jatorria duten bi pertsonaien istorioa kontatzen baitu.

Eleberriaren sinopsia        

Argitaletxearen web orrialdean irakurri daitekeen moduan, “Stanley Mortison kontsul iparramerikarraren idazkariak, informatzaile gisa Joan Allison errekrutatzen du, mundua ikusteko grinez hirira iritsi berri den kazetari amerikar gazte eta erakargarria. Hiri kosmopolitaren zirrikituak erakusteko helburuz, Martin Ugarte Tángeren hezi den apaiz gazteari eskatuko diote hiria erakusteko. Erabaki honek ezusteko ondorioen kate-erreakzioa eragingo du, Protektoratuaren neutraltasuna arriskuan jarriz eta inplikaturik dauden guztien biziak astinduz, kontsul espainiar larderiatzaileren eta bere aliatu kontsul alemaniar arriskutsuaren interesei aurre eginez. Abenturazaleak eta maitaleak, espiak eta traidoreak taula erdian elkartuko dira azkenean, partida baten azken mugimenduak jokatuz, non engainua munduaren kontrola lortzeko estrategiaren zati da”.