Apirilaren 30ean itxi zen, egun Euskadiko Idazleen Elkarteak antolatzen duen ‘Juan Carlos Eguillor’ Nazioarteko III. Ikus Poesia Sarian lanak aurkezteko epea. Sariduna zein izanen den maiatzean zehar emanen da jakitera.
Oraingoan, iazko edizioan aurkeztutako lanen bikoitza aurkeztu da. Lehiatuko diren 106 lanetatik, 24 atzerritik heldu dira. Argentinatik bost, Mexikotik lau eta Portugaldik eta Brasildik hiruna lana aurkeztu dira. Badira ere Bolibia, Venezuela, Estatu Batuak, Costa Rica, Kolonbia, Norvegia, Italia eta Ekuadorretik bidalitako lanak.
Bestetik, espainiar estatuko komunitate gehienetatik ere aurkeztu dira lanak: Katalunia (18), Euskal Autonomia Erkidegoa (16), Andaluzia (13), Madril (10) eta Galizia (4) dira ‘Juan Carlos Eguillor’ Nazioarteko Hirugarren Ikus Poesia Sari honetan esku-hartze handiena izan duten komunitateak. Sexuaren arabera, 80 egile gizonezko eta 26 emakumezko aurkeztu dira.
Epaimahaiak lehenengo saria eta bi accesit banatuko ditu. Horiekin batera, finalistak izanen diren 20 edota 30 bat lanekin erakusketa ibiltaria osatuko da.
‘Juan Carlos Eguillor’ Nazioarteko III. Ikus Poesia Saria Juan Carlos Eguillor Uríbarri (Donostia, 1947ko abuztuak 15 – Madril, 2011ko martxoak 21) euskal artistari egin nahi zaion omenaldia da.
2012an deitu zen lehenengoz eta I. Edizio horretan lehenengo saria eman gabe gelditu zen. Accesitak Manuel Lucas González Tororen ‘H_ambre’ lanarentzat eta César Leonardo Altamirandaren ‘Paisajes de universidad’ lanarentzat izan ziren.II. Edizioan, alegia, 2013koan, Mikel Jáuregui artistaren ‘Brisa’ izenburuko lana gailendu zen. Cristian Porres Sánchezen “Mapa de situación” eta Brenan Duarteren “Vía” lanek jaso zuten accesit bana.

